Xaguxatar parkea: Euskal natura-ondareari buruzko lehenengo hiri-parke naturala
Zatoz museoko parkea ezagutzera!!
Hamarkada luzez (1987-2015) museoko parkea apaindu ondoren dinosaurioak kendu (txirristak hondatuta zeuden) eta espazioa guztiz birmoldatzea erabaki zen. Obrak iazko abuztuan hasi ziren eta orain dela pare bat aste bukatu dira.
Xaguxatar parkea, hiri-parkea da eta bizi-gune gisa sortu da, aisialdirako eta naturarekin harremana bilatzeko.
Kontuan izanik Izarraitz Babes Bereziko Eremua dela, eta bertan 4 xaguxatar espezie desberdin bizi direla, xaguxatarra hartu da parkearen maskota bezala eta berak gidatuko du bisitaria panel informatiboen bidez parkeko espazio desberdinetara.
Parkeak 1.800 metroko azalera dauka eta 5 gunez osatuta dago:
- ENBOR BERTIKALEN BARATZA
Akazia enborrekin gune bat sortu da eta sokaz egindako armiarma sareak xaguxatarren antzera bertan zintzilikatzeko aukera ematen digu. - LABERINTOA
Erramu sail honek hainbat zentzumenen bitartez jolastea ahalbidetzen du. - XAGUXATAR HORMA
Bertan zuloak binaka konektatuta daude. Batetik hitz eginda, bestetik entzun daiteke, xaguxarrek gauez ezer ikusi gabe hegan egiteko darabilten radar-sistema birsortuz. Gainera, horma hau rokodromo gisa erabil daiteke. - INTSEKTUEN HOTELA
Parkera begiratzen duen museoko fatxadan dago. Bertan xaguxarrentzako habiak ipini dira testura desberdineko elementuz osatutako koadro batean. - EGONGUNE ALTERNATIBOA
Eremu honetan banku gisa akazia enborrak eta mahai bezala kable bobinak jarri dira. Aldamenean, enborrekin egindako mikadoa dago.