Ingurugiro hezkuntzari buruzko museoa - hezkuntza programak

Btn-LH2-tit

LEHEN HEZKUNTZA - 2.ZIKLOA

Hauek dituzue museoan Lehen Hezkuntzako, 2. zikloko ikasleei eskainitako programak

 

9   AIREA

Programa honetan airearen garrantziaz jabetuko gara: izaki bizidun guztiok (pertsonok, animaliek, landareek) behar dugu bizitzeko. Baina gizakiok gure jarduerekin airea kutsatu egiten dugu. Giza-jarduera horiek eta bere ondorioak aztertuko ditugu: alergiak, azaleko arazoak, arnasketa-arazoak eta abar. Eta guk zer egin dezakegu hori saihesteko? Irudien bidez airea garbi mantentzeko portaerak landuko ditugu.

 

10 URA

Programa honetan ikasiko dugu ura.behar-beharrezkoa dugula, non aurkitzen den Lurrean, gure planetan, eta zer proportziotan, eta zein den bere ziklo naturala. Uraren erabilera aztertuko dugu: non eta zertarako erabiltzen dugun ura etxean, ikastetxean, kalean. Gainera uraren ibilbidea ikusiko dugu instalazio hauetan: urtegia - ur garbien araztegia - ur zikinen araztegia. Zein da bakoitzaren funtzioa? Ura altxor bat da. Horregatik ikasiko dugu nola zain eta aurrez dezakegun.

 

11 ANIMALIAK ETA LANDAREAK

Programa honetan ikasiko dugu gizakiok beste izaki bizidunen beharra dugula. Haiengandik lortzen ditugu oxigenoa, elikadura, jantziak, aisia, estetika. Baina batzuetan kaltetu egiten ditugu, zuzenean edo zeharka, esate baterako beraien habitata kaltetuz. Horregatik, espezie batzuk desagertzeko zorian daude. Botoien jolasari esker egoera horretan dauden espezieak zeintzuk diren ezagutuko dugu eta horrekin batera, espezieak babesteko neurriak landu.

 

12 ZARATA ETA ENERGIA

Zarataz inguratuta bizi gara, makinak, tresna elektrikoak… urtetik urtera gehitzen doaz, eta hauekin batera energiaren kontsumoa goraka doa. Panel eta maketez baliatuz, gaur egungo zarata eta energia kontsumoaren jatorria, eta ingurumenean eta gure osasunean sortzen dituzten arazoak ezagutzeko aukera izango dugu. Arazo hauek gutxitzeko neurriak ere landuko ditugu.

 

13  ZABORRA

Gure mundua zaborrez ez betetzeko zerbait egin behar dugunarekin ados egongo gara, ezta?
Ingurugiro Etxean zabor gutxiago sortzeko aukera desberdinak ezagutuko ditugu: Murrizketa, Birziklapena, Berrerabilpena...

 

PROGRAMA OSAGARRIAK: Beste ekipamenduetara bisitak

 

14 IGARAKO ERROTA

Igarako errota Azpeitiko Loiola auzoan kokatuta dago XIII. Mendeko eraikina da eta eraberrituta dago. Ingurugiro Etxeak bisita gidatuen zerbitzua eskaintzen digu errota hau bisitatzeko. Uraren energiaren bidez mugitzen da, eta bertan, gure arbasoek hirina nola egiten zuten ezagutzeko aukera izango dugu.

 

15 LAPATX ZABORTEGIA

Zaborren arazoari irtenbidea emateko lehen urratsa zaborrarekin zer egiten den jakitea da. Lapatx zabortegian zuzen-zuzenean ikusi ahal izango dugu zer egiten den. Garbigunea eta berrerabilpen gunea ezagutzeko aukera ere izango dugu, baita konpostaje plantara gerturatu eta konpostaren eboluzioa ikusteko ere.

 

16 KONTSUMO IRAUNKORRAREN GELA

Gela honen helburua kontsumo iraunkorraren inguruan hausnarketa egitea da. Ekintza erosketa baten simulazioa izango da. Lan-dinamika honako hau izango da: eguneroko egoera batzuk planteatuko ditugu. Egoera hauei aurre egiteko beharrezkoa da erosketa batzuk egitea. Ikasleak talde txikietan banatuko ditugu, eta talde bakoitzak orri batean idatziko du egin behar duen erosketa zerrenda. Ondoren, produktuak bilatu eta aukeratu egingo ditu. Produktu guztiak lortu eta gero, haien ingurumen-kostua kalkulatuko dugu. Bukatzeko, talde txikiek talde handian gure emaitzak azalduko ditugu, eta hezitzailearen laguntzarekin produktu bakoitza aztertu eta aukerarik iraunkorrena ezagutuko dugu.

 

17 NUARBEKO URTEGIA

Ibai-eder urtegia edo Nuarbeko urtegia Gipuzkoako Azpeitia herrian dagoen urtegia da. Gipuzkoako Ur Kontsortzioak doako bisita gidatuen zerbitzua eskaintzen digu urtegia ikustera joateko. Ikustaldiak adin guztietako taldeentzat dira. Ikustaldi horietan erakusten dena hezkuntza-ingurumen ikuspegitik erakusten da.

Ikustaldietarako arauak:
• 50 ikasleko taldeak onartuko dira, gehienez.
• 20-50 ikasleko taldeek bi arduradun izan beharko dituzte gutxienez.
• Iraupena instalazio bakoitzean: 60-75 minutu.
• Eskaera idatziz egin behar da.
• Segurtasun eta Osasun Arau Orokorrak irakurri, bete eta sinatuta bidali ikustaldi eguna baino lehen.
• Urtegia ikusteko egunak ostegunak eta ostiralak dira.

 

18 IBAI EDERKO EDATEKO UREN ARAZTEGIA

Ikustaldi honetan ikusiko dugu ur naturala edo landugabea nola bihurtzen den edateko ur. Prozesua edateko uren araztegietan (EUA) egiten da. Urak mikroorganismo patogenorik eta substantzia toxikorik gabe egon behar du; usain, zapore edo kolorerik ere ez du eduki behar.



Itzuli Museoko Hezkuntza Programetara

Como la mayoría de webs, usamos cookies. Si continúas navegando entenderemos que estás de acuerdo. Más información.

Acepto las cookies de esta web.