Ingurugiro hezkuntzari buruzko museoa - hezkuntza programak
DBH - 2. ZIKLOA
Hauek dituzue museoan DBH Hezkuntzako, 2. zikloko ikasleei eskainitako programak
45 ATMOSFERA / KLIMA ALDAKETA
Atmosferaren osaketa eta funtzioak ikusiko ditugu. Ondoren, atmosferaren kutsadura aztertuko dugu: nork-zerk sortzen du, zer ondorio ditu, esate baterako, gizakiengan, ekosistemetan, ondasunetan. Ozono geruzaren suntsiketa, euri azidoa eta berotegi-efektua azalduko ditugu. Arazoak ikertu ondoren, talde handian kutsadura murrizteko neurriak elkartrukatuko ditugu.
46 URA
Programa honetan uraren jatorria, erabilera eta kontsumo-guneetara heldu aurretik ura tratatzeko beharrezkoak diren instalazioak (urtegiak - ur garbien araztegiak - ur zikinen araztegiak) azalduko ditugu eta, era berean, uraren erabilerek sortzen dituzten eraginak aipatu.
Gainera, Urola ibaiaren arroa aztertuko dugu.
Amaitzeko, ur kontsumoa aurrezteko jarraibideak elkartrukatuko ditugu.
47 BIODIBERTSITATEA
Programa honetan panel, maketa eta elementu interaktiboetan oinarrituta, biodibertsitatearen garrantzian, munduko biometan eta Euskal Herriko biodibertsitatean zentratuko gara. Honekin batera, maketan elementu abiotikoak, biotikoak, eta gizakiaren eragina aztertuko ditugu. Xilotekan hainbat espezieren ezaugarriak eta erabilerak ezagutuko, eta txori baten eta zuhaitz zahar baten balioaz jabetuko gara.
48 ENERGIA ETA GARRAIOA
Energiaren kontsumoa handitzen ari da, petrolio erreserbak agortuz doaz eta horrekin batera, energia-krisia, airearen kutsadura eta energia-baliabideak kontrolatzeko gatazkak etorri dira. Garraio sektorea da energiaren kontsumitzaile nagusienetakoa. Panel eta maketez baliatuz, energia kontsumoak eta, batez ere, garraio pribatuaren erabilerak ingurumenean eta gure osasunean sortzen dituzten arazoez sakontzeko aukera izango dugu. Guztion artean arazo hauek gutxitzeko neurriak ere landuko ditugu.
49 HIRI EKOSISTEMA
Maketa baten bidez, hiri ekosistema landuko dugu hiri bateko sarrerak (energia, lehengaiak, ura, elikagaiak) eta irteerak (hondakinak, zarata, beroa...), izan ere hiriak ingurunearekin elkarreraginean dihardu, eta haren mende dago ezinbestean. Bestalde, panelen bidez hirien antolakuntza ereduak eta mugikortasunak sortzen dituzten arazoak ere landuko ditugu. Amaitzeko, guztion artean arazo horien ordezko aukerak landu eta eztabaidatuko ditugu.
50 HONDAKINAK ETA KONTSUMOA
Gizakiak betidanik sortu ditu hondakinak baina zaborra gero eta gehiago dago, gehiegi kontsumitzen dugulako arazo larria sortu da benetan.
Ikasleok "ZABORREKIN ZER EGIN DEZAKEGU" izenburua duen lana egingo dugu.
51 GARAPEN IRAUNKORRA
Garapen Iraunkorraren definizioa "naturari kalte larririk egin gabe manten daitekeen garapena" da. Beraz, gure munduaren garapen iraunkorra bermatzeko ezinbestekoa da arreta berezia jartzea hainbat arlotan: ura, lurra, energia, biodibertsitatea... Hori horrela, beste garapen mota bat bultzatzea beharrezkoa dela ohartu gara. bizi garen ingurumenarekiko, lurrarekiko eta pertsonekiko errespetuan oinarritutakoa.
PROGRAMA OSAGARRIAK: Beste ekipamenduetara bisitak
52 IGARAKO ERROTA
Igarako errota Azpeitiko Loiola auzoan kokatuta dago XIII. Mendeko eraikina da eta eraberrituta dago. Ingurugiro Etxeak bisita gidatuen zerbitzua eskaintzen digu errota hau bisitatzeko. Uraren energiaren bidez mugitzen da, eta bertan, gure arbasoek hirina nola egiten zuten ezagutzeko aukera izango dugu.
53 LAPATX ZABORTEGIA
Zaborren arazoari irtenbidea emateko lehen urratsa zaborrarekin zer egiten den jakitea da. Lapatx zabortegian zuzen-zuzenean ikusi ahal izango dugu zer egiten den. Garbigunea eta berrerabilpen gunea ezagutzeko aukera ere izango dugu, baita konpostaje plantara gerturatu eta konpostaren eboluzioa ikusteko ere.
54 KONTSUMO IRAUNKORRAREN GELA
Gela honen helburua kontsumo iraunkorraren inguruan hausnarketa egitea da. Ekintza erosketa baten simulazioa izango da. Lan-dinamika honako hau izango da: eguneroko egoera batzuk planteatuko ditugu. Egoera hauei aurre egiteko beharrezkoa da erosketa batzuk egitea. Ikasleak talde txikietan banatuko ditugu, eta talde bakoitzak orri batean idatziko du egin behar duen erosketa zerrenda. Ondoren, produktuak bilatu eta aukeratu egingo ditu. Produktu guztiak lortu eta gero, haien ingurumen-kostua kalkulatuko dugu. Bukatzeko, talde txikiek talde handian gure emaitzak azalduko ditugu, eta hezitzailearen laguntzarekin produktu bakoitza aztertu eta aukerarik iraunkorrena ezagutuko dugu.
55 NUARBEKO URTEGIA
Ibai-eder urtegia edo Nuarbeko urtegia Gipuzkoako Azpeitia herrian dagoen urtegia da. Gipuzkoako Ur Kontsortzioak doako bisita gidatuen zerbitzua eskaintzen digu urtegia ikustera joateko. Ikustaldiak adin guztietako taldeentzat dira. Ikustaldi horietan erakusten dena hezkuntza-ingurumen ikuspegitik erakusten da.
Ikustaldietarako arauak:
• 50 ikasleko taldeak onartuko dira, gehienez.
• 20-50 ikasleko taldeek bi arduradun izan beharko dituzte gutxienez.
• Iraupena instalazio bakoitzean: 60-75 minutu.
• Eskaera idatziz egin behar da.
• Segurtasun eta Osasun Arau Orokorrak irakurri, bete eta sinatuta bidali ikustaldi eguna baino lehen.
• Urtegia ikusteko egunak ostegunak eta ostiralak dira.
56 IBAI EDERKO EDATEKO UREN ARAZTEGIA
Ikustaldi honetan ikusiko dugu ur naturala edo landugabea nola bihurtzen den edateko ur. Prozesua edateko uren araztegietan (EUA) egiten da. Urak mikroorganismo patogenorik eta substantzia toxikorik gabe egon behar du; usain, zapore edo kolorerik ere ez du eduki behar.
57 LASAOKO ARAZTEGIA
Lasaoko Hondakin Uren Araztegian instalazioek nola funtzionatzen duten ezagutzeaz gain, ur zikinen arazketa prozesua ezagutzeko aukera ere izango dugu. Gipuzkoako Ur Kontsortzioak doako ikustaldi gidatuen zerbitzua eskaintzen digu araztegia ikusteko.
Ikustaldiak adin guztietako taldeentzat dira; irakaskuntza arautukoak eta beste edozein motatakoak joan gaitezke. Ikustaldi horietan erakusten dena hezkuntza-ingurumen ikuspegitik erakusten da.